2/1979 LEGE ORGANIKOA, URRIAREN 3KOA, KONSTITUZIO
AUZITEGIARI BURUZKOA
8/1984, 4/1985, 6/1988, 7/1999, 1/2000 eta 6/2007 lege
organikoek aldatua.
I. TITULUA KONSTITUZIO AUZITEGIA
I. KAPITULUA Konstituzio Auzitegia, haren antolamendua
eta eskudantziak
1. artikulua
1. Konstituzio Auzitegia, Konstituzioaren
interpretatzaile gorena den aldetik, independentea da beste
konstituzio-organoetatik, eta ez dago menderaturik Konstituzioari eta lege
organiko honi baino.
2. Bakarra da bere ordenan, eta nazio-lurralde osoan du
jurisdikzioa.
2. artikulua
1. Konstituzio Auzitegiaren ardura izango dira, lege
honek ezarritako kasuetan eta moduan:
a) Legeen eta lege-indarreko arau-xedapenen edo egintzen
aurkako konstituziokontrakotasun- errekurtsoa eta -arazoa.
b) Konstituzioaren 53.2 artikuluan zerrendaturiko
eskubide eta askatasun publikoak urratzeagatik jarritako babes-errekurtsoa.
c) Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean edo
autonomia-erkidegoen artean sorturiko konstituzio-arloko eskumen-gatazkak.
d) Estatuaren konstituzio-organoen arteko gatazkak.
d) bis. Toki-autonomiaren defentsan sorturiko gatazkak.
e) Nazioarteko tratatuen konstituzionaltasunari buruzko
deklarazioa.
f ) Konstituzioaren 161. artikuluaren 2. zenbakian
aurreikusitako aurkarapenak.
g) Konstituzio Auzitegiko magistratuen izendapenak
aztertzea, Konstituzioan eta lege honetan eskatutako betekizunak betetzen
dituzten epaitzeko.
h) Konstituzioak eta lege organikoek esleitzen dizkioten
gainerako gaiak.
2. Konstituzio Auzitegiak erregelamenduak eman ahal izango
ditu bere funtzionamendu eta antolamenduaz, eta orobat bere pertsonalaren eta
zerbitzuen araubideaz, lege honen eremuaren barruan. Erregelamenduok osoko
bilkuran onetsi beharko ditu Auzitegiak, eta, presidenteak eskuetsirik,
«Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratuko dira.
3. artikulua
Konstituzio Auzitegiaren eskumen da, halaber,
konstituzio-ordenakoak ez diren baina aztertzen ari den gaiarekin zuzeneko
erlazioa duten judizio aurreko arazoez eta intzidente-arazoez arduratzea eta
haiek erabakitzea, gaiaren konstituzionaltasunari ez besteri dagokionez.
4. artikulua
1. Konstituzio Auzitegiari ezin abiaraziko zaio inoiz
jurisdikzio- edo eskumen- arazorik. Konstituzio auzitegiak zedarrituko du bere
jurisdikzio-eremua, eta hura babesteko behar diren neurriak hartuko; besteak
beste, jurisdikzio horri erasaten dioten egintza edo ebazpenak deusez
deklaratzea. Orobat balioetsi ahal izango du bere eskumena edo eskumenik eza,
ofizioz edo alderdi-eskariz.
2. Konstituzio Auzitegiaren ebazpenak ezin epaituko ditu estatuko
ezein jurisdikzio-organok.
3. Konstituzio Auzitegiak, aurreko bi zenbakietan
ezarritakoa hausten duen egintza edo ebazpen bat deuseztatzen duenean, zioak
eman beharko ditu, eta aurrez entzuera eman Fiskaltzari eta egintza edo
ebazpena eman duen organoari.
5. artikulua
Hamabi kidek osatuko dute Konstituzio Auzitegia, eta
Konstituzio Auzitegiko magistratu titulua izango dute kideok.
6. artikulua
1. Konstituzio Auzitegiak osoko bilkuran, salan edo
atalean jarduten du.
2. Auzitegiko magistratu guztiek osatzen dute osoko
bilkura. Auzitegiko presidentea da osoko bilkuraren buru; hura egon ezean,
presidenteordea; biak falta badira, karguan denbora gehien daraman magistratua,
eta, antzinatasun berekoen artean, adin handienekoa.
7. artikulua
1. Konstituzio Auzitegiak bi sala ditu. Auzitegiak osoko
bilkuran izendatutako sei magistratuk osatzen dute sala bakoitza.
2. Auzitegiko presidentea izango da Lehenengo Salako
presidente ere; hura egon ezean, antzinatasun handieneko magistratua izango da
Lehenengo Salako buru, eta, antzinatasun berekoen artean, adin handienekoa.
3. Auzitegiko presidenteordea izango da Bigarren Salako
buru; hura egon ezean, antzinatasun handieneko magistratua, eta, antzinatasun
berekoen artean, adin handienekoa.
8. artikulua
1. Jarduera arrunterako eta konstituzio-prozesuak
onartzeari edo ez onartzeari buruzko erabakia hartzeko edo, hala badagokio,
hartarako proposamena egiteko, atalak eratuko dituzte osoko bilkurak eta salek;
atal bakoitzak bere presidentea edo haren ordezkoa eta bi magistratu izango
ditu.
2. Bere eskumeneko diren auziak onartzeko edo ez
onartzeko proposamenen kontu emango zaio osoko bilkurari. Auzia onartzen den
kasuan, osoko bilkurak dagokion salaren esku utzi ahal izango du hartaz
arduratzea, lege honetan aurreikusitako moduan.
3. Orobat egokitu dakieke atalei dagokion salak haien
esku uzten dituen babes-auziez arduratzea eta haiei buruzko ebazpena ematea,
lege honetan aurreikusitako moduan.
9. artikulua
1. Auzitegiak osoko bilkuran eta bozketa sekretuan
aukeratuko du presidentea kideen artetik, eta Erregeari proposatuko dio haren
izendapena.
2. Lehenengo bozketan, gehiengo absolutua beharko da.
Lortu ezean, bigarren bozketa egingo da, eta boto gehien lortu duena
aukeratuko. Berdinketa gertatuz gero, azken bozketa egingo da; berriro
berdinketa gertatuz gero, karguan denbora gehien daramana proposatuko da, eta
horretan berdintasuna izanez gero, adin handienekoa.
3. Hautatuaren izena Erregeari igorriko zaio, hiru
urterako izendatua izan dadin; epe hori amaitzean, beste behin bakarrik
aukeratu ahal izango da berriro.
4. Auzitegiak, osoko bilkuran, presidenteorde bat
aukeratuko du bere kideen artetik, artikulu honen 2. zenbakian adierazitako
prozeduraren bidez eta hiru urterako hura ere; presidenteordeari dagokio
presidentearen ordezko izatea presidentetza hutsik dagoenean, presidentea ez
dagoenean edo legezko beste zioren bat denean, eta orobat Bigarren Salaren buru
izatea.
10. artikulua
1. Auzitegiaren osoko bilkura gai hauetaz arduratuko da:
a) Nazioarteko tratatuen konstituzionaltasuna eta
konstituziokontrakotasuna.
b) Legeen eta lege-balioko gainerako xedapenen kontrako
konstituziokontrakotasun- errekurtsoak, doktrina aplikatze hutsekoak salbu;
horien ardura salei esleitu ahal izango zaie onartze-izapidean. Errekurtsoaren
ardura salari esleitzean, zer konstituzio-doktrina aplikatzea dagokion zehaztu
beharko du osoko bilkurak.
c) Beretzat erreserbatzen dituen
konstituzionaltasun-arazoak; gainerakoak salei utzi beharko zaizkie, txanda
objektibo bati jarraituz.
d) Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko
konstituzio-arloko eskumen- gatazkak edo autonomia-erkidegoen artekoak.
e) Konstituzioaren 161. artikuluko 2. zenbakian
aurreikusitako aurkarapenak.
f ) Toki-autonomiaren defentsan sorturiko gatazkak.
g) Estatuaren konstituzio-organoen arteko gatazkak.
h) Auzitegiaren jurisdikzioaren defentsako deuseztapenak,
4.3 artikuluan aurreikusiak.
i) Konstituzio Auzitegiko magistratu izendatzeko
betekizunak betetzen diren egiaztatzea.
j) Sala bakoitza osatzeko magistratuen izendapena.
k) Konstituzio Auzitegiko magistratuen errekusazioa.
l) Lege honen 23. artikuluan aurreikusitako kasuetan,
Konstituzio Auzitegiko magistratuen kargu-uzteak.
m) Auzitegiaren erregelamenduak onestea eta aldatzea.
n) Auzitegiaren eskumeneko beste edozein auzi,
presidenteak edo hiru magistratuk proposaturik osoko bilkurak beretzat hartu
badu, eta orobat lege organiko batek espresuki esleituriko gainerako auziak.
2. Aurreko zenbakiko d), e) eta f ) letretan aurreikusitako
kasuetan, txanda objektibo baten arabera dagokion salari esleitu ahal izango
zaio, onartze-izapidean, edukiaz erabakitzea, eta alderdiei jakinaraziko zaie
hori.
3. Auzitegiaren osoko bilkurak, konstituzio-organo den
aldetik duen autonomiaz diharduelarik, bere aurrekontua lantzen du; aurrekontu
hori atal bereizi moduan sartzen da Estatuaren Aurrekontu Orokorren barruan.
11. artikulua
1. Konstituzio Auzitegiko salen ardura izango dira
konstituzio-arloko justiziari esleituak zaizkion eta osoko bilkuraren eskumeneko
ez diren auziak.
2. Hasiera batean atalei esleituriko auziez ere
arduratuko dira salak, duten garrantziagatik berek ebatzi beharrekoak direla
irizten badiote.
12. artikulua
Auzitegiko salen artean auziak banatzeko, txanda bat
ezarriko du osoko bilkurak, presidentearen proposamenez.
13. artikulua
Sala batek beharrezko ikusten badu Auzitegiak ezarritako
aurreko konstituzio- doktrinatik aldentzea punturen batean, osoko bilkurak
erabaki beharko du horren gainean.
14 artikulua
Auzitegiaren osoko bilkurak erabakiak hartu ahal izateko,
bertan egon beharko dute, gutxienez, une horretan osoko bilkura osatzen duten
kideen bi herenek.
Salen erabakietarako ere, une horretan sala osatzen duten
kideen bi herenek elkartu beharko dute. Ataletan, bi kide beharko dira, baina,
desadostasunik izanez gero, hiru kideek elkartu beharko dute.
15. artikulua
Konstituzio Auzitegiko presidenteari dagokio Konstituzio
Auzitegiaren ordezkari izatea, Auzitegiaren osoko bilkurara deitzea eta haren
buru egitea, eta orobat salen bilkuretara deitzea; Auzitegiaren, salen eta
atalen funtzionamendurako behar diren neurriak hartzea; Ganberei, Gobernuari
edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, kasuan-kasuan, kargu-hutsaldien
berri ematea; letraduak izendatzea, funtzionario-plazak eta lan-kontratudun
langileen postuak betetzeko lehiaketetarako deialdia egitea, eta Auzitegiko
pertsonalarekiko administrazio-ahalak baliatzea.
II. KAPITULUA Konstituzio Auzitegiko magistratuak
16. artikulua
1. Konstituzio Auzitegiko magistratuak Erregeak izendatuko
ditu, Ganberek, Gobernuak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak
proposaturik, Konstituzioaren 159.1 artikuluak ezartzen duen moduan.
Autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek aurkezturiko
hautagaien artetik hautatuko dira Senatuak proposaturiko magistratuak,
ganberaren erregelamenduak ezartzen duen moduan.
2. Kongresuak eta Senatuak proposaturiko hautagaiek
dagokion ganberaren Batzordearen aurrean agertu beharko dute aurrez, ganbera
bakoitzaren erregelamenduak xedatzen duen moduan.
3) Bederatzi urterako izendatuko dira Konstituzio
Auzitegiko magistratuak, eta hiru urtez behin herenka berrituko da Auzitegia.
Une horretatik aurrera aukeratuko dira presidentea eta presidenteordea, 9.
artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Presidenteari eta presidenteordeari
emandako hiru urteko agintaldia eta Konstituzio Auzitegiaren berritze-aldia
batera ez badatoz, luzatu egingo da haien agintaldia, aipaturiko berritzea
gertatzearekin eta magistratu berrien kargu-hartzearekin batera amai dadin.
4. Magistraturik ezin proposatuko zaio Erregeari
berehalako beste aldi baterako, non eta karguan hiru urte baino gutxiago egona
ez den.
17. artikulua
1. Magistratu-aldiak amaitu aurreko lau hilabeteak baino
lehen, magistratu berriak izendatzeko prozedura abian jar dezatela eskatuko die
Auzitegiko presidenteak horretarako proposamenak egin behar dituzten
organoetako presidenteei.
2. Konstituzio Auzitegiko magistratuek beren funtzioak
betetzen jarraituko dute haien ondorengoek kargua hartu arte.
18. artikulua
Magistratu, fiskal, unibertsitateko irakasle,
funtzionario publiko edo abokatu diren herritar espainiarren artetik izendatu
beharko dira Konstituzio Auzitegiko kideak; denek ere gaitasun-sonaren jabe
diren juristak izan beharko dute, hamabost urte baino gehiago daramatenak
jardun profesionalean edo dagokien funtzioan aktibo.
19. artikulua
1. Konstituzio Auzitegiko magistratu-karguarekin
bateraezina da: lehenik, Herriaren Defendatzaile izatea; bigarrenik, diputatu
edo senatari izatea; hirugarrenik, Estatuko, autonomia-erkidegoetako,
probintzietako edo beste toki-entitate batzuetako kargu politiko edo
administratiboren bat izatea; laugarrenik, karrera judizial edo fiskalari
dagokion jurisdikzio edo jardueraren batean aritzea; bosgarrenik, edozein
jurisdikzio-ordenatako auzitegi edo epaitegietan enpleguren bat izatea;
seigarrenik, alderdi politiko, sindikatu, elkarte, fundazio eta elkargo
profesionaletako zuzendaritza-lanetan jardutea eta haien zerbitzuko enpleguren
bat izatea; zazpigarrenik, jarduera profesionaletan edo merkataritzan aritzea.
Gainerakoan, Botere Judizialeko kideen bateraezintasun berak izango dituzte
Konstituzio Auzitegiko kideek.
2. Auzitegiko magistratutarako proposatua izan denak,
bateraezintasunkausaren bat badu, utzi egin beharko du, magistratu-kargua hartu
aurretik, harekin bateraezina den kargu edo jarduera. Proposatua izan ondorengo
hamar egunen epean uzten ez badu, ulertuko da ez duela onartzen Konstituzio
Auzitegiko magistratu-kargua. Erregela bera aplikatuko da kargua hartu eta gero
gertatzen bada bateraezintasuna.
20. artikulua
Auzitegiko magistratu edo letradu izendaturiko karrera
judizial eta fiskaleko kideak, eta oro har gainerako funtzionario publikoak,
zerbitzu bereziko egoeran geratuko dira jatorriko karreran.
21. artikulua
Konstituzio Auzitegiko presidenteak eta gainerako
magistratuek honako zin edo promes hau egingo dute Erregearen aurrean kargua
hartzean:
«Zin dagit (edo promes egiten dut) zintzoki gordeko eta
gordearaziko dudala beti Espainiako Konstituzioa, leial izango natzaiola
Koroari eta beteko ditudala konstituzio-magistratu gisa ditudan betebeharrak.»
22. artikulua
Konstituzio Auzitegiko magistratutzari berezko zaizkion
inpartzialtasun eta duintasun printzipioen arabera jardungo dute Konstituzio
Auzitegiko magistratuek beren funtzioan; ezin jazarriko zaie beren funtzioan
dihardutela adierazitako iritziengatik; mugiezinak izango dira, eta ezin
kenduko dira kargutik, ez aldi baterako ahalgabetu, ez bada lege honek
ezarritako arrazoiren batengatik.
23. artikulua
1. Hauetariko arrazoiren bat behar da Konstituzio
Auzitegiko magistratuek kargua uzteko: lehenik, uko egitea, eta Auzitegiko
presidenteak ukoa onartzea; bigarrenik, magistratu-aldia amaitzea;
hirugarrenik, Botere Judizialeko kideen ezgaitasunerako aurreikusiriko arrazoiren
bat gertatzea; laugarrenik, kargua hartu ondoren bateraezintasuna gertatzea;
bosgarrenik, karguari dagozkion betebeharrak prestutasunez betetzeari uztea;
seigarrenik, funtzioak eskatzen duen diskrezioa haustea; zazpigarrenik,
doloagatik erantzule zibil deklaratua izatea edo dolozko delituagatik edo erru
larriagatik kondenatua izatea.
2. Konstituzio Auzitegiko magistratuaren kargu-uztea edo
kargu-hutsaldia presidenteak erabakiko du lehenengo eta bigarren kasuetan, eta
orobat heriotzakoan. Gainerako kasuetan, Auzitegiaren osoko bilkurak erabakiko
du: gehiengo soilez, hirugarren eta laugarren kasuetan, eta kideen hiru
laurdenen gehiengoz, besteetan.
24. artikulua
Konstituzio Auzitegiko magistratuak aldi baterako
ahalgabetu ahal izango ditu Auzitegiak, aurretiazko neurri gisa,
auzipetze-kasuan edo aurreko artikuluan kargua uzteko ezarritako
arrazoietarikoren bat baden erabakitzeko behar den denbora doirako. Aldi
baterako ahalgabetzeko, aldeko botoa eman beharko dute Auzitegiaren osoko
bilkuraren hiru laurdenek.
25. artikulua
1. Gutxienez hiru urtez karguan jardun duten Auzitegiko
magistratuek eskubidea izango dute urtebetez trantsizioko ordainsaria
jasotzeko, kargua uztean jasotzen zutenaren balio berekoa.
2. Erretiroa jasotzeko eskubidea duen funtzionario-kidego
batekoa bada Auzitegiko magistratua, konstituzio-funtzioetan jardundako denbora
kontatu egingo zaio hartzeko pasiboa zehazteko, eta Konstituzio Auzitegiko
magistratuari azkeneko urtean egokitu zaizkion ordainsari guztiak kontuan
hartuta kalkulatuko da hartzeko pasibo hori.
26. artikulua
Konstituzio Auzitegiko magistratuen erantzukizun
kriminala Auzitegi Goreneko Arlo Penaleko Salaren aurrean bakarrik galdatu ahal
izango da.
II. TITULUA KONSTITUZIOKONTRAKOTASUNA DEKLARATZEKO
PROZEDURAK
I. KAPITULUA Xedapen orokorrak
27. artikulua
1. Titulu honetan konstituziokontrakotasuna deklaratzeko
arauturiko prozeduren bidez, Konstituzioaren nagusitasuna bermatzen du
Konstituzio Auzitegiak, eta aurkaraturiko lege, xedapen eta egintzak
Konstituzioarekin bat datozen edo ez epaitzen du.
2. Konstituzioaren kontrako deklara daitezke:
a) Autonomia-estatutuak eta gainerako lege organikoak.
b) Estatuaren gainerako lege eta lege-indarreko
arau-xedapen eta egintzak. Legegintza-dekretuen kasuan, Auzitegiaren eskumen
horrek ez du eragotziko Konstituzioaren 82. artikuluaren 6. zenbakian
aurreikusitakoa.
c) Nazioarteko tratatuak.
d) Ganberen eta Gorte Nagusien erregelamenduak.
e) Autonomia-erkidegoetako lege eta lege-indarreko
egintza eta arau-xedapenak, b) letran egin den salbuespen bera eginez
legegintza eskuordetzen den kasuetarako.
f ) Autonomia-erkidegoetako legebiltzarren
erregelamenduak.
28. artikulua
1. Estatuko edo autonomia-erkidegoetako lege edo
lege-indarreko xedapen edo egintza bat Konstituzioarekin bat datorren edo ez
balioesteko, kontuan izango ditu Auzitegiak, konstituzio-manuez gainera,
Konstituzioaren esparruan emandako beste lege hauek: Estatuaren eta autonomia-erkidegoen
eskumenak zedarritzekoak, eta autonomia-erkidegoen eskumenen erabilera arautu
edo harmonizatzekoak.
2. Halaber, Konstituzioaren 81. artikulua urratzeagatik
Konstituzioaren kontrako deklaratu ahal izango ditu Auzitegiak lege-dekretu
baten manuak, legegintza-dekretu batenak, organiko-izaerarik gabe onetsi den
lege batenak edo autonomia-erkidego baten legegintza-arau batenak, baldin eta
lege organiko bati dagozkion gaiak arautu badituzte aipaturiko xedapenek, edo
lege organiko bat aldatzea edo derogatzea badakarte, edozein dela ere haren
edukia.
29. artikulua
1. Hauen bidez abiarazi ahal izango da
konstituziokontrakotasun-deklarazioa:
a) Konstituziokontrakotasun-errekurtsoa.
b) Epaile edo auzitegiek abiarazitako
konstituziokontrakotasun-arazoa.
2. Lege baten edo lege-indarreko xedapen edo egintza
baten aurkako konstituziokontrakotasun- errekurtso bat forma-arrazoiengatik
ezetsi izanak ez du eragotziko konstituziokontrakotasun-arazoa planteatzea hura
beste prozesu batean aplikatzerakoan.
30. artikulua
Konstituziokontrakotasun-errekurtso edo -arazo bat
onartzeak ez du geldieran utziko legea edo lege-indarreko arau-xedapen edo
egintza, ez haren aplikazioa, non eta Gobernuak ez dituen aurkaratzen,
Konstituzioaren 161.2 artikuluan xedaturikoan oinarriturik eta bere
Presidentearen bidez, autonomia-erkidegoetako lege, lege-indarreko arau-xedapen
edo egintzak.
II. KAPITULUA Konstituziokontrakotasun-errekurtsoa
31. artikulua
Lege edo lege-indarreko arau-xedapen edo egintzak
ofizialki argitaratutakoan abiarazi ahal izango da haien aurkako
konstituziokontrakotasun-errekurtsoa.
32. artikulua
1. Honako hauek daude legitimaturik
konstituziokontrakotasun-errekurtsoa baliatzeko, auzigai badira
autonomia-estatutuak eta Estatuaren gainerako legeak, organikoak zein beste edozein
eratakoak, eta Estatuaren edo autonomia- erkidegoen lege-indarreko arau-xedapen
eta egintzak, nazioarteko tratatuak eta Ganberen eta Gorte Nagusien
erregelamenduak:
a) Gobernuko Presidentea.
b) Herriaren Defendatzailea.
c) Berrogeita hamar diputatu.
d) Berrogeita hamar senatari.
2. Autonomia-erkidegoetako kide anitzeko organo
exekutiboak eta biltzarrak ere legitimaturik daude, erabakia aldez aurretik
harturik, beren autonomia- eremuari eragin diezaioketen Estatuaren lege,
lege-indarreko xedapen edo egintzen aurka konstituziokontrakotasun-errekurtsoa
baliatzeko.
33. artikulua
1. Aurkaraturiko lege edo lege-indarreko xedapen edo
egintza argitaratu eta hiru hilabeteren epean jarriko da
konstituziokontrakotasun-errekurtsoa, Konstituzio Auzitegian demanda
aurkezturik; demanda horretan, akzioa baliatzen duten pertsona edo organoen
identifikazio-datuak adierazi beharko dira, eta haien komisiodunenak, halakorik
bada; orobat adierazi beharko da zer lege, xedapen edo egintza aurkaratzen den,
guztiz edo partez, eta zein den urratutzat jotzen den konstituzio-manua.
2. Aurreko zenbakian xedaturikoa gorabehera, Gobernuko
Presidenteak eta autonomia-erkidegoetako kide anitzeko organo exekutiboek
bederatzi hilabeteren epean jarri ahal izango dute konstituziokontrakotasun-errekurtsoa
lege, lege-indarreko xedapen edo egintzen aurka, honako betekizun hauek
betetzen badira lege, xedapen edo egintzon inguruan, errekurtsoa jartzea
eragozteko xedez.
a) Estatuko administrazio orokorraren eta
autonomia-erkidegoaren arteko bitariko lankidetza-batzordea biltzea; bi
administrazioetariko edozeinek eskatu ahal izango du bilerara deitzeko.
b) Desadostasunak ebazteko negoziazio bat hasteko
erabakia hartzea bitariko lankidetza-batzordeak, arau-testua aldatzeko eskaera
egiteko aukerarekin. Errekurtsoa zenbaki honetan aurreikusitako epean aurkeztuz
gero araua geldieran uztea eskatuko den edo ez adieraz daiteke erabakian.
c) Goian aipaturiko organoek Konstituzio Auzitegiari
jakinaraztea erabakia, lege edo lege-indarreko xedapen edo egintza argitaratu
eta hiru hilabeteren barruan, eta «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean eta dagokion
autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean jasotzea erabakia.
3. Aurreko zenbakian adierazitakoak ez du eragozten lege
honen 32. artikuluan aipaturiko gainerako organo eta pertsonek
konstituziokontrakotasunerrekurtsoa jartzeko duten ahalmena.
34. artikulua
1. Izapidetzeko onartutakoan, demanda Diputatuen
Kongresuari eta Senatuari helaraziko die Konstituzio Auzitegiak, haietako
presidenteen bitartez; Gobernuari, Justizia Ministerioaren bitartez, eta,
autonomia-erkidego batek emandako lege edo lege-indarreko xedapen bat baldin
bada errekurritutakoa, autonomia-erkidegoaren legegintza-organoari eta organo
exekutiboari, prozeduran pertsonatu ahal izan daitezen eta egoki deritzoten
alegazioak egin ahal izan ditzaten.
2. Hamabost egunen epea izango da pertsonatzeko eta
alegazioak egiteko; epe hori igarotakoan, epaia emango du Auzitegiak hamar
egunen epean, non eta Auzitegiak berak ez dion irizten, ebazpen ziodun baten
bidez, epe luzeagoa behar dela; epe hori, ezein kasutan, ez da hogeita hamar
egun baino gehiago izango.
III. KAPITULUA Epaileek edo auzitegiek abiarazitako
konstituziokontrakotasun-arazoa
35. artikulua
1. Epaile edo auzitegi batek, ofizioz edo
alderdi-eskariz, irizten badio Konstituzioaren kontrakoa izan daitekeela kasuan
aplikagarria den lege-mailako arau bat, arau hori baliozko izatearen baitan dagoelarik
epaitza, Konstituzio Auzitegian planteatuko du arazoa, lege honetan
ezarritakoaren arabera.
2. Prozedura amaitutakoan eta epaia edo dagokion
jurisdikzio-ebazpena emateko epearen barruan bakarrik planteatu ahal izango du
organo judizialak arazoa; horretarako, zehaztu beharko du zein lege edo
lege-indarreko arauren konstituzionaltasuna jartzen duen zalantzan, zein
konstituzio-manu jotzen den urratutzat, eta adierazi edo justifikatu beharko du
zenbateraino dagoen prozesuaren erabakia arau horren baliozkotasunaren baitan.
Organo judizialak, auto bidez behin-betiko erabakia eman baino lehen, entzuera
emango die alderdiei eta Fiskaltzari, konstituziokontrakotasun-arazoa
planteatzearen egokitasunari buruz, edo arazoaren edukiari buruz, esateko
dutena alega dezaten 10 egunen epe erkide eta luzaezinean; horren ondoren,
beste izapiderik gabe ebatziko du epaileak hiru egunen epean. Auto horri ezin
jarriko zaio inolako errekurtsorik. Hala ere, hurrengo instantzia edo graduetan
saia daiteke berriro konstituziokontrakotasun- arazoa, epai irmorik ez den
bitartean.
3. Konstituzionaltasun-arazoa planteatzeak behin-behineko
geldieran utziko ditu prozesu judizialeko jarduketak, harik eta Konstituzio
Auzitegiak konstituzionaltasun- arazoa onartzen duen erabaki arte. Arazoa
onartutakoan, prozesu judiziala geldieran egongo da Konstituzio Auzitegiak
arazoari buruzko behin betiko ebazpena eman arte.
36. artikulua
Organo judizialak Konstituzio Auzitegiari igorriko dio
konstituziokontrakotasun- arazoa eta, harekin batera, auto nagusien testigantza
eta aurreko artikuluan aurreikusiriko alegazioena, alegaziorik izan bada.
37. artikulua
1. Jarduketak Konstituzio Auzitegian jaso eta gero,
artikulu honen 2. zenbakiaren arabera bideratuko da prozedura. Hala ere,
prozesu-baldintzak betetzen ez direnean edo abiarazitako arazoa oinarririk
gabea dela ageri denean, Auzitegiak atzera bota ahal izango du
konstituziokontrakotasun-arazoa, onartze-izapideetan dagoela, auto bidez eta
Estatuko Fiskal Nagusiari besteri entzun gabe. Erabaki horrek zioduna izan
beharko du.
2. Konstituziokontrakotasun-arazoa izapidetzeko onarpena
«Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta hurrengo 15 egunen barruan,
Konstituzio Auzitegiaren aurrean pertsonatu ahal izango dira prozedura
judizialean alderdi direnek alegazioak egiteko; beste 15 egun izango dituzte
horretarako.
3. Konstituzio Auzitegiak Diputatuen Kongresuari eta
Senatuari helaraziko die arazoa, haietako presidenteen bitartez; Estatuko
Fiskal Nagusiari; Gobernuari, Justizia Ministerioaren bitartez; eta,
autonomia-erkidego batek emandako lege edo lege-indarreko arau-xedapen bati
dagokiona bada arazoa, haren legegintza-organoari eta organo exekutiboari;
guztiek ere hamabost egunen epe erkide eta luzaezina izango dute pertsonatzeko
eta planteaturiko arazoari buruz alegazioak egiteko. Epe hori amaitutakoan,
Auzitegiak epaia emango du hamabost egunen epean, non eta ez duen beharrezko
jotzen, ebazpen ziodun baten bidez, epe luzeagoa; hogeita hamar egunekoa,
gehienez ere.
IV. KAPITULUA Konstituziokontrakotasun-prozeduretako
epaia eta haren efektuak
38. artikulua
1. Konstituziokontrakotasun-prozeduretan emandako epaiek
gauza epaituaren balioa izango dute; botere publiko guztiak lotuko dituzte, eta
efektu orokorrak izango dituzte «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratzen
diren egunetik.
2. Konstituziokontrakotasun-errekurtsoetan eta
toki-autonomiaren defentsaren inguruko gatazketan ezespen-epaia emanez gero,
arazoa ezin planteatuko da berriro bide horietatik, konstituzio-manu beraren
urraketa berean funtsaturik.
3. Konstituziokontrakotasun-arazoetako epaien kasuan,
Konstituzio Auzitegiak haien berri emango dio berehala prozesua erabakitzeko
eskumena duen organo judizialari, eta organo horrek alderdiei jakinaraziko die.
Konstituzio Auzitegiaren epaiaren berri izan duenetik geratuko da harekiko
loturik epailea edo auzitegia, eta jakinarazpena egin zaien unetik, berriz,
alderdiak.
39. artikulua
1. Epaiak, aurkaraturiko manuak konstituziokontrako
deklaratzean, deusez ere deklaratuko ditu manuok, eta orobat konexioz edo
ondorioz deuseztapenaren barruan sartu beharreko lege, lege-indarreko xedapen
edo egintza beraren gainerako manuak, halakorik bada.
2. Edozein konstituzio-manuren urraketan funtsatu ahal
izango du Konstituzio Auzitegiak konstituziokontrakotasun-deklarazioa, manu
hori prozesuan alegatua izan zein ez.
40. artikulua
1. Lege, lege-indarreko xedapen edo egintzak
Konstituzioaren kontrako deklaratzen dituzten epaiak direla-eta ezin
berrikusiko dira Konstituzioaren kontrako lege, xedapen edo egintza horiek
aplikatu diren eta gauza epaituaren indarreko epai baten bidez amaituak diren
prozesuak. Salbuespen dira, horri dagokionez, prozesu penalak edo
zehapen-prozedura bati dagozkion administrazioarekiko auziak, baldin eta
aplikaturiko araua deusez izatearen ondorioz zigorra edo zehapena murrizten edo
erantzukizuna ezeztatzen, saihesten edo mugatzen bada.
2. Edozein kasutan, Konstituzio Auzitegiaren epai eta
autoetatik eratorritako doktrinak zuzendu egingo du konstituzio-prozesu
horietan epaituriko lege, xedapen edo egintzei buruz justizia-auzitegiek emana
duten jurisprudentzia.
III. TITULUA KONSTITUZIO-BABESERAKO ERREKURTSOA
I. KAPITULUA Konstituzio-babeserako errekurtsoa bidezko
izatea eta hura jartzea
41. artikulua
1. Konstituzio-babesa izan dezakete Konstituzioaren 14.
artikulutik 29.era bitartekoetan aitortzen diren eskubide eta askatasunek,
legeak ezarritako kasu eta moduetan, hargatik eragotzi gabe justizia-auzitegiek
haiek babesteko duten ardura orokorra. Geriza bera aplikatu ahal izango zaio
Konstituzioaren 30. artikuluan aitorturiko kontzientzia-eragozpenari.
2. Konstituzio-babeserako errekurtsoak babesa ematen du,
lege honek ezartzen duen moduan, aurreko zenbakian aipaturiko eskubide eta
askatasunen urraketen aurrean, baldin eta urraketok eragin dituzten xedapenak,
egintza juridikoak, ez-egiteak edo egitate-bidea Estatuko botere publikoenak,
autonomia-erkidegoenak eta gainerako lurralde-, korporazio- edo
instituzio-izaerako ente publikoenak badira, edo haien funtzionario edo
agenteenak.
3. Errekurtsoa jartzeko arrazoi izan ziren eskubide edo
askatasunak berreskuratzea edo babestea xede duten uziak baino ezin dira
aurkeztu konstituziobabeserako errekurtsoan.
42. artikulua
Gorteek edo haien edozein organok edo autonomia-erkidegoetako
legebiltzarrek edo haien organoek emandako lege-baliorik gabeko erabaki edo
egintzei errekurtsoa jarri ahal izango zaie, konstituzio-babesa izan dezaketen
eskubide eta askatasunak urratzen badituzte, ganbera edo biltzarren
barne-araudiaren arabera irmo geratu eta hiru hilabeteren epean.
43. artikulua
1. Lehen aipaturiko eskubide eta askatasunen urraketa
eragin duten Gobernuaren edo haren agintari edo funtzionarioen, edo
autonomia-erkidegoetako kide anitzeko organo exekutiboen edo haien agintari,
funtzionario edo agenteen xedapen, egintza juridiko, ez-egite edo
egitate-bideen kontra, babes-errekurtsoa jarri ahal izango da dagokion bide
judiziala agortu eta gero.
2. Hogei egunen epea izango da konstituzio-babeserako
errekurtsoa jartzeko, aurretiazko prozesu judizialean emandako ebazpena
jakinarazten denetik hasita.
3. Errekurtsoa funtsatzeko, ezin argudiatuko da
konstituzio-babesa izan dezaketen eskubide eta askatasunak aitortzen dituzten
konstituzio-manuak ebazpen irmoren batean urratu izana besterik.
44. artikulua
1. Organo judizial baten egite edo ez-egite baten
arartegabeko eta zuzeneko ondorio badira konstituzio-babesa izan dezaketen
eskubide eta askatasunen urraketak, babes-errekurtsoa jarri ahal izango da,
betekizun hauek betez gero:
a) Arau prozesalek bide judizialaren barruan kasu
konkreturako aurreikusitako aurkaratze-bide guztiak agortzea.
b) Organo judizialaren egite edo ez-egite bati ararterik
gabe eta zuzenean egotz dakiokeena izatea eskubide- edo askatasun-urraketa,
edozein direla ere urraketak gertatutako prozesua eragin zuten egitateak,
egitate horietaz ez baita inoiz arduratuko Konstituzio Auzitegia.
c) Konstituzio-eskubidearen urraketa prozesuan formalki
salatu izana, aukerarik izan bada, urraketaren berri izandakoan, salatzeko
aukera izan orduko.
2. Babes-errekurtsoa jartzeko epea 30 egun izango da,
prozesu judizialean emandako ebazpena jakinarazten denetik hasita.
45. artikulua
1984ko abenduaren 26ko 8/1984 Lege Organikoak derogatua.
46. artikulua
1. Konstituzio-babeserako errekurtsoa jartzeko
legitimaturik daude:
a) Zuzeneko eragina jasan duen pertsona, Herriaren
Defendatzailea eta Fiskaltza, 42. eta 45. artikuluetako kasuetan.
b) Prozesu judizialean alderdi izan direnak, Herriaren
Defendatzailea eta Fiskaltza, 43. eta 44. artikuluetako kasuetan.
2. Herriaren Defendatzaileak edo Fiskaltzak abiarazten
badu errekurtsoa, ezagutzen diren kaltedun posibleei komunikatuko die hura
konstituzio-babesaz arduratzeko eskumena duen salak, eta errekurtsoa «Estatuko
Aldizkari Ofizial »ean iragartzeko aginduko du, beste interesdun batzuk agertu
ahal izan daitezen. Iragarpen hori argitaratzeak lehentasuna izango du.
47. artikulua
1. Konstituzio-babeserako prozesuan agertu ahal izango
dira, demandatu gisa edo laguntzaile gisa, errekurtsoa jartzeko arrazoi izan
den erabaki, egintza edo egitateak mesede egin dien pertsonak, edo errekurtsoan
interes legitimoa dutenak.
2. Fiskaltzak babes-prozesu guztietan hartuko du parte,
legezkotasunaren, herritarren eskubideen eta legeak babesten duen interes publikoaren
defentsan.
II. KAPITULUA Konstituzio-babeserako errekurtsoak
izapidetzea
48. artikulua
Konstituzio-babeserako errekurtsoen ardura Konstituzio
Auzitegiaren salek izango dute, eta, hala badagokio, atalek.
49. artikulua
1. Demanda bidez hasiko da konstituzio-babeserako
errekurtsoa; demandan, hura oinarritzen duten egitateak azaldu beharko dira
argi eta zehatz, urratutzat jotzen diren konstituzio-manuak aipatu, eta
kaltetutzat jotzen den eskubide edo askatasuna babesteko edo berreskuratzeko
zer babes eskatzen den zehazki finkatu. Edozein kasutan, errekurtsoak
konstituzio-arloan duen garrantzi berezia justifikatuko da demandan.
2. Demandarekin batera aurkeztuko dira:
a) Babes-eskatzailearen ordezkaritza egiaztatzen duen
agiria.
b) Hala badagokio, prozedura judizial edo
administratiboan emandako ebazpenaren kopia, helarazpena edo ziurtagiria.
3. Demandaren eta aurkezturiko agirien kopia literalak
ere aurkeztu beharko dira: aurretiazko prozesuan izandako alderdiak adinbat,
prozesurik izan bada, eta beste bat Fiskaltzarentzat.
4. Aurreko zenbakietan ezarritako betekizunen bat bete
ezean, justiziaidazkaritzek hala jakinaraziko diote interesatuari 10 egunen
epean, eta ohartaraziko ezen, akatsa zuzentzen ez bada, errekurtsoa ez onartzea
erabakiko dela.
50. artikulua
1. Babes-errekurtsoa izapidetzea onartzeari buruzko
erabaki bat hartu beharko da. Atalak, aho batez, eta probidentzia bidez,
errekurtsoa osorik edo partez onartzea erabakiko du honako betekizun hauek
guztiak betetzen badira, ez bestela:
a) 41. artikulutik 46. artikulura artekoetan eta 49.
artikuluan xedaturikoa betetzea demandak.
b) Errekurtsoaren edukia Konstituzio Auzitegiak haren
funtsaz erabaki bat hartzeko adinakoa izatea, konstituzio-arloan duen garrantzi
bereziagatik; hori balioesteko, kontuan hartuko da zer garrantzi duen
Konstituzioa interpretatzeko, aplikatzeko edo orokorrean eraginkorra izateko,
eta orobat oinarrizko eskubideen edukia eta helmena zehazteko.
2. Izapidetzea onartzeko ahobatekotasunik ez bada, nahiz
eta gehiengoaren adostasuna lortu, dagokion salaren esku utziko du atalak
erabakia, hark ebatz dezan.
3. Atalek edo salek emandako ez-onartze probidentzietan,
bete gabeko betekizuna zein den zehaztuko da, eta demandatzaileari eta
Fiskaltzari jakinaraziko zaizkio probidentziok. Probidentzioi Fiskaltzaren
erregu-errekurtsoa baino ezin jarriko zaie, hiru egunen epean. Errekurtso hori
auto bidez ebatziko da, eta auto horri ezin jarriko zaio inolako aurkarapenik.
4. Zuzentzeko moduko akats bat edo gehiago dituenean
babes-demandak, 49.4 artikuluan aurreikusi bezala jokatuko da; manu horretan
ezarritako epean akatsa zuzendu ezean, demanda ez onartzea erabakiko du atalak,
probidentzia bidez, eta probidentzia horren aurka ezin jarriko da
errekurtsorik.
51. artikulua
1. Babes-demanda onartutakoan, presazko errekerimendua
egingo dio salak erabaki, egintza edo egitatea eman duen organo edo aginteari,
edo aurreko prozeduraz arduratu zen epaile edo auzitegiari, gehienez ere hamar
egunen epean igor ditzan jarduketak edo haien testigantza.
2. Errekerimendua hartu izanaren agiria emango du
berehala organo, aginte, epaile edo auzitegiak; adierazitako epean igorpena
egin eta aurreko prozeduran alderdi izan zirenak epatuko ditu,
konstituzio-prozesuan agertu ahal izan daitezen hamar egunen epean.
52. artikulua
1. Jarduketak jaso eta epatze-denbora iragandakoan,
jarduketok ikustera emango dizkie salak babes-errekurtsoa abiarazi zuenari,
prozesuan pertsonatutakoei, Estatuaren Abokatuari, baldin Administrazio
Publikoa interesdun bada, eta Fiskaltzari. Jarduketak ikusteko epea erkidea
izango da, gehienez ere hogei egunekoa, eta epe horretan aurkeztu ahal izango
dira alegazioak.
2. Alegazioak aurkeztutakoan edo alegazioetarako emandako
epea igarotakoan, salak bere ataletariko baten esku utzi ahal izango du
errekurtsoa ebaztea, Konstituzio Auzitegiaren doktrina finkaturik baldin bada
horretan aplikatzeko; bestela, eguna jarriko du ikustaldirako, hala badagokio,
edo deliberatze-saiorako eta bozketarako.
3. Salak, edo, hala badagokio, atalak, ikustaldirako edo
deliberatze-saiorako jarritako egunetik hasi eta 10 egunen epean emango du
dagokion epaia.
III. KAPITULUA Konstituzio-babeserako errekurtsoen
ebazpena eta haren efektuak
53. artikulua
Salak, edo, hala badagokio, atalak, auziaren edukiaz
arduratzean, epaitza hauetariko bat emango du epaian:
a) Babesa ematea.
b) Babesa ukatzea.
54. artikulua
Salak, edo, hala badagokio, atalak, epaile eta auzitegien
erabakiei buruzko babes-errekurtsoaz arduratzen denean, ez du beste eginkizunik
hartuko eskatzailearen eskubide eta askatasunak urratu diren zehaztea eta
eskubide edo askatasun horiek babestea edo berrezartzea baino, eta ez du beste
ezer adieraziko jurisdikzio-organoen jokabideaz.
55. artikulua
1. Babesa ematen duen epaiak erabaki hauetariko bat edo
batzuk izan beharko ditu:
a) Deusez deklaratzea babespeko eskubide edo askatasunak
osotara baliatzea eragotzi duen erabaki, egintza edo ebazpena; hala badagokio,
deuseztapenaren efektuak noraino heltzen diren zehaztuko da.
b) Eskubide edo askatasun publikoa aitortzea,
Konstituzioan deklaratua zaion edukiarekin ados.
c) Errekurritzaileari bere eskubide edo askatasun osoa
itzultzea, eta, hala badagokio, hura babesteko neurriak hartzea.
2. Babes-errekurtsoa baietsi behar dela irizten badio
salak, edo hala badagokio atalak, aplikaturiko legeak oinarrizko eskubideak edo
askatasun publikoak kaltetzen dituelako, osoko bilkurari igorriko zaio arazoa,
geldieran utzirik epaia emateko epea, 35. artikuluan eta hurrengoetan
aurreikusitakoaren arabera.
56. artikulua
1. Babes-errekurtsoa jartzeak ez ditu geldieran utziko
aurkaraturiko egintzaren edo epaiaren efektuak.
2. Hala ere, aurkaturiko egintzaren edo epaiaren
exekuzioak kalte bat eragiten badio errekurritzaileari, babesaren xedea galaraz
lezakeena, salak, edo 52.2 artikuluaren kasuan atalak, ofizioz edo
errekurritzailearen eskariz, geldieran utzi ahal izango ditu exekuzioaren
efektuak, guztiz edo partez, betiere geldierak kalte larririk eragiten ez badie
Konstituzioak babesturiko interes bati edo beste norbaiten oinarrizko eskubide
eta askatasunei.
3. Halaber, ordenamenduan aurreikusitako edozein
kautela-neurri eta behin-behineko ebazpen hartu ahal izango du salak edo
atalak, izaeraz babesprozesuan aplika daitekeena eta errekurtsoak bere xedea ez
galtzeko lagungarria bada.
4. Edonoiz eskatu ahal izango da exekuzioa geldieran
uzteko edo beste kautela-neurri bat hartzeko, epaia eman aurretik edo babesa
beste nolabait erabaki aurretik. Geldiera-intzidentea bideratzeko, entzuera
eman beharko zaie alderdiei eta Fiskaltzari, gehienez ere hiru egunen epe
erkidean, eta, salak edo atalak beharrezko irizten badio, exekuzioaren erantzule
diren agintarien txostena ere beharko da. Hirugarren baten eskubideak larriki
kaltetzea ekar badezake geldierak, sor daitezkeen kalte edo galerei erantzuteko
adinako kauzioa eratzearen baldintza jar dezake salak edo atalak geldiera
ukatzeko.
5. Interesdunak fidantza bat ordaintzeko baldintza ezar
dezake salak edo atalak exekuzioa geldieran uzteko eta kautela-neurriak
hartzeko; sor daitezkeen kalte edo galerei erantzuteko adinakoa izango da
fidantza, eta instantziako jurisdikzio- organoari eskuordetu ahal izango zaio
hura finkatzeko eta zehazteko eginkizuna.
6. Ezohiko presazko kasuetan, izapidetzea onartzeko
ebazpenean onartu ahal izango dira geldiera eta kautela-neurriak. Fiskaltzak
eta gainerako alderdi pertsonatuek bost egunen epea izango dute onarpen hori
aurkaratzeko, jakinarazten denetik kontatzen hasita. Inolako errekurtsorik
onartzen ez duen auto baten bidez ebatziko du salak edo atalak intzidentea.
57. artikulua
Konstituzio-babeserako epaiketaren denboran, aldatu ahal
izango da hura geldieran uzteko edo ez uzteko erabakia, ofizioz edo
alderdi-eskariz, baldin eta epaiketa hasi ondoren bestelako inguruabarren bat
gertatu bada edo geldieraintzidentea bideratu zenean ezin jakin zen
inguruabarren baten berri izan bada.
58. artikulua
1. Exekuzioaren geldiera onartzearen edo ukatzearen
ondoriozko kalteak ordaintzeko eskaeren kasuan, epaileek edo auzitegiek izango
dute ebazteko eskumena, eta haien esku jarriko dira eraturiko fidantzak.
2. Konstituzio Auzitegiaren epaia argitaratu eta
urtebeteren epean aurkeztu beharko dira kalte-ordain eskaerak, eta intzidenteen
izapideaz bideratuko dira.
IV. TITULUA KONSTITUZIO-ARLOKO GATAZKAK
I. KAPITULUA Xedapen orokorrak
59. artikulua
1. Konstituzio Auzitegia arduratuko da Konstituzioak,
autonomia-estatutuek edo Estatuari eta autonomia-erkidegoei dagozkien eremuak
zedarritzeko emandako lege organikoek edo arruntek zuzenean esleituriko eskumen
edo eskudantzien inguruko gatazkez, gatazkotan elkarren aurka gertatzen badira:
a) Estatua eta autonomia-erkidego bat edo gehiago.
b) Bi autonomia-erkidego edo gehiago.
c) Gobernua eta Diputatuen Kongresua, Senatua edo Botere
Judizialaren Kontseilu Nagusia; edo konstituzio-organo horiek beren artean.
2. Orobat arduratuko da Konstituzio Auzitegia
toki-autonomiaren defentsan udalerriek eta probintziek Estatuaren edo
autonomia-erkidego baten aurka planteatzen dituzten gatazkez.
II. KAPITULUA Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko
gatazkak eta autonomia-erkidegoen artekoak
60. artikulua
Gobernuak edo autonomia-erkidegoetako kide anitzeko
organo exekutiboek abiarazi ahal izango dituzte Estatua autonomia-erkidego
baten aurka edo autonomia-erkidegoak elkarren aurka jartzen dituzten
eskumen-gatazkak, hurrengo artikuluetan ezarritako moduan. Gatazka negatiboei
dagokienez, pertsona fisiko edo juridiko interesdunek ere abiarazi ahal izango
dituzte.
61. artikulua
1. Eskumen-gatazka planteatzeko bide eman dezakete
Estatuaren organoek edo autonomia-erkidegoen organoek emaniko xedapen, ebazpen
edo egintzek, eta orobat xedapen, ebazpen edo egintza horiek ez emateak.
2. Aurreko artikuluan aipaturiko gatazketariko bat
planteatzeko bide eman duen xedapen, ebazpen edo egintza aurkaratua auzitegiren
batean ebazkizun badago, auzitegi horrek gelditu egingo du prozesua
konstituzio-arloko gatazka erabaki arte.
3. Konstituzio Auzitegiaren erabakiak lotura-indarra
izango du botere publiko guztientzat, eta efektu betekoa izango da guztien
aurrean.
1. ATALA Gatazka positiboak
62. artikulua
Gobernuak irizten badio autonomia-erkidego bateko xedapen
edo ebazpen batek ez duela errespetatzen Konstituzioan, autonomia-estatutuetan
edo dagozkion lege organikoetan ezarritako eskumen-hurrenkera, zuzenean
formalizatu ahal izango du eskumen-gatazka Konstituzio Auzitegiaren aurrean, bi
hilabeteren epean, edo hurrengo artikuluan arauturiko aurretiazko
errekerimendua baliatu, epe berean; horrek guztiak ez du eragozten Gobernuak
161.2 artikulua alegatu ahal izatea, dagozkion efektu guztiekin.
63. artikulua
1. Autonomia-erkidego bateko organo exekutibo nagusiak
irizten badio beste autonomia-erkidego baten edo Estatuaren agintetik
etorritako xedapen, ebazpen edo egintza batek ez duela errespetatzen
Konstituzioan, autonomiaestatutuetan edo dagozkion legeetan ezarritako
eskumen-hurrenkera, eta horrek berari dagokion eremua ukitzen badu, xedapena
derogatzeko edo ebazpena edo egintza deuseztatzeko errekerimendua egingo dio
beste autonomia-erkidegoari edo Estatuari.
2. Eskumengabetasun-errekerimendua egiteko epea bi
hilabete izango da, eskumengabetasun-akatsa duela uste den xedapen, ebazpen edo
egintza argitaratu edo komunikatzen den egunetik hasita, edo aplikazio-egintza
baten ondotik; zuzenean Gobernuari edo beste autonomia-erkidegoaren organo
exekutibo nagusiari zuzenduko zaio errekerimendua; azken kasu horretan,
Gobernuari ere kontu emango zaio.
3. Errekerimenduan, argi eta garbi zehaztuko dira zein
diren eskumengabetasun- akatsa duten xedapenaren manuak edo ebazpen edo
egintzaren puntu konkretuak, eta orobat akatsaren sorburu diren lege-xedapenak
edo Konstituzioaren xedapenak.
4. Errekerimendua egin zaion organoak, errekerimendua
oinarritua dagoela irizten badio, gehienera ere hilabeteren epea izango du,
jaso duenetik, hari erantzuteko, eta hala adieraziko dio errekerimendugileari
eta, errekerimendugilea Gobernua ez bada, Gobernuari. Oinarririk ez dela
irizten badio, epe berean bota beharko du atzera errekerimendua; epea
amaitzean, atzera botatakotzat joko dira erantzun gabeko errekerimenduak.
5. Atzera bota dela jakinarazi edo aurreko zenbakian
aipaturiko epea amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan, errekerimendua egin
duen organoak, eskatutakoa lortu ez badu, Konstituzio Auzitegiaren aurrean
planteatu ahal izango du gatazka, errekerimendu-izapidea emaitzarik gabea izan
dela ziurtatuz eta errekerimenduari eusten dioten oinarri juridikoak alegatuz.
64. artikulua
1. Hamar egunen epean, gatazkari hasiera eman zaiola
jakinaraziko dio Auzitegiak Gobernuari edo dagokion autonomia-organoari, eta
epe bat jarriko dio, gehienez ere hogei egunekoa, egoki deritzon agiri eta
alegazioak aurkez ditzan.
2. Autonomia-erkidegoak erabakia hartu ondoren eta
Konstituzioaren 161.2 artikulua alegaturik Gobernuak abiarazitakoa bada
gatazka, hura formalizatu eta Auzitegiak formalizazioa jakinarazi orduko
geldieran utziko da gatazka eragin duen xedapen, ebazpen edo egintzaren
indarraldia.
3. Gainerako kasuetan, gatazka eragin duen xedapen,
ebazpen edo egintza geldieran uzteko eskatu ahal izango dio gatazka
formalizatzen duen organoak Auzitegiari, kalte konponezinak edo konpongaitzak
argudiotzat harturik. Auzitegia libre izango da eskaturiko geldiera onartzeko
edo ukatzeko.
4. Auzitegiak berak jakinaraziko die interesatuei
Gobernuak abiarazitako gatazka planteatu dela, eta dagokion aldizkari
ofizialean argitaratuko du; gauza bera egingo du, hala badagokio, gatazka
eragin duen xedapen, ebazpen edo egintza geldieran uztea onartzen duen
Auzitegiaren autoarekin.
65. artikulua
1. Auzitegiak bere erabakia hartzeko beharrezko jotzen
dituen informazio, argitasun edo zehaztapenak eskatu ahal izango dizkie
alderdiei, eta alegazioepea amaitu eta hurrengo hamabost egunen barruan
ebatziko du, edo, hala badagokio, lehen aipaturiko informazio, argitasun edo
zehaztapenetarako jarritako epea amaitu eta hurrengo hamabost egunen barruan.
2. Aurreko artikuluaren bi zenbakian aurreikusitako
kasuan, gatazka hasi eta bost hilabetera epaia eman ez bada, Auzitegiak epe
horretan ebatzi beharko du, auto ziodun baten bidez, ea mantendu egin behar
den, edo kendu, Gobernuak eskumengabetasunagatik aurkaraturiko egintza, ebazpen
edo xedapenaren geldiera.
66. artikulua
Eskumen eztabaidatuaren titulartasuna zeinek duen
deklaratuko du epaiak eta, hala badagokio, gatazka eragin zuten xedapen,
ebazpen edo egintzak deuseztatzea erabakiko du, eskumengabetasun-akatsa badute;
haren babesean sorturiko egitatezko edo zuzenbidezko egoerei buruz, dagokiona
erabaki ahal izango du.
67. artikulua
Lege batek edo lege-mailako arau batek esleiturikoa bada
eskumen eztabaidatua, konstituziokontrakotasun-errekurtsorako aurreikusitako
moduan izapidetuko da eskumen-gatazka, hasieratik, edo, baliaturiko eskumenaren
defentsan horretarako gaitzen duen legezko araua alegatzen bada, hura alegatzen
den unetik.
2. ATALA Gatazka negatiboak
68. artikulua
1. Estatuaren Administrazioko organoren batek bere burua
eskumengabe jotzen badu pertsona fisiko edo juridiko batek haren aurrean
aurkezturiko uzia ebazteko, eskumena autonomia-erkidego bati dagokiola irizten
diolako, interesdunak, dagokion ministerioaren aurrean errekurtsoa jarrita
administrazio-bidea agortu eta gero, berriro aurkeztu ahal izango du uzia,
ebazpenak eskudun deklaratu duen autonomia-erkidegoaren kide anitzeko organo
exekutiboaren aurrean. Modu berean jokatuko da autonomia-erkidegoaren aurrean
egiten bada eskaera eta autonomia-erkidego hori inhibitzen bada, eskuduna
Estatua edo beste autonomia-erkidego bat dela irizten diolako.
2. Eskaera bigarrenik egin zaion administrazioak,
hilabeteren epean, eskumena onartu edo eskumenik ez duela deklaratu beharko du.
Onartzen badu, egin zaion eskaera izapidetzen hasiko da. Inhibitzen bada,
eskatzaileari jakinarazi beharko dio, ebazpena zein manutan oinarritzen duen
adierazirik.
3. Aurreko zenbakian aipaturiko administrazioak eskumenik
ez duela deklaratzen badu edo ezarritako epean baiezko erabakirik ematen ez
badu, Konstituzio Auzitegira jo ahal izango du interesdunak. Horretarako,
eskumen-gatazka negatiboa izapidetzeko eta ebazteko demanda aurkeztuko du,
deklinatoria jakinarazi eta hurrengo hilabetearen barruan edo artikulu honen bi
zenbakian ezarritako epea ebazpen espresurik gabe igarotakoan.
69. artikulua
1. Gatazka planteatzeko eskaera idazki bidez egingo da,
eta, idazkiarekin batera, aurreko artikuluan aipaturiko izapidea agortu izana
egiaztatzen duten agiriak eta izapidean zehar emandako ebazpenak aurkeztu
beharko dira.
2. Auzitegiak irizten badio inplikaturiko administrazioen
ezezkoaren oinarrian interpretazio-desberdintasun bat dagoela
konstituzio-manuei edo autonomia- estatutuei edo Estatuaren eta autonomia-erkidegoen
eskumenak zedarritzen dituzten lege organiko edo arruntei dagokienez,
planteatutzat deklaratuko du gatazka, auto bidez; idazkia aurkeztu eta hurrengo
hamar egunen barruan eman beharko da auto hori. Eskatzaileari, administrazio
inplikatuei eta eskudun jotzen duen beste edozein administraziori helaraziko
die berehala autoa, eta azken horiei, gainera, gatazka planteatzeko eskaeraren
eta harekin batera aurkezturiko agirien kopia bidaliko die; hilabeteko epe
erkidea jarriko die denei, planteaturiko gatazka konpontzeko baliagarriak
iruditzen zaizkien alegazioak egin ditzaten.
70. artikulua
1. Aurreko artikuluan adierazitako epea amaitu eta
hurrengo hilabetearen barruan emango da administrazio eskuduna zein den
deklaratzen duen epaia; Auzitegiak beste epe bat jarri badu argitasun-,
osagarri- edo zehaztapen-eskaerei erantzuteko, hura amaitu eta hurrengo
hilabetearen barruan.
2. Agorturiko administrazio-epeak berriro irekitzat joko
dira, ohiko iraupenez, epaia argitaratu ondoren.
71. artikulua
1. Gobernuak ere planteatu ahal izango du eskumen-gatazka
negatiboa, baldin eta, autonomia-erkidego baten organo exekutibo nagusiari
errekerimenduz eskatu diolarik balia ditzala erkidegoari estatutuak edo
eskuordetze- edo eskualdatze-lege organiko batek ematen dizkioten eskumenei
dagozkien eskudantziak, hark errekerimenduari erantzun ez badio, bere burua
eskumengabe deklaraturik.
2. Errekerimendua egin zaion organoa inplizituki
eskumengabe deklaratutzat joko da bere eskudantziak baliatzeko jarduerarik izan
ez badu Gobernuak emandako epearen barruan; epe hori inoiz ez da izango
hilabete baino gutxiago.
72. artikulua
1. Aurreko artikuluan aipaturiko errekerimendua espresuki
edo isilbidez ukatutzat jo behar den egunetik hasi eta hurrengo hilabetearen
barruan, Gobernuak gatazka negatiboa planteatu ahal izango du Konstituzio
Auzitegiaren aurrean, idazki bidez, idazkian adierazirik, nahitaez, zein diren
Gobernuaren iritziz autonomia-erkidegoa bere eskudantziak baliatzera behartzen
duten konstituzio-, estatutu- edo lege-manuak.
2. Autonomia-erkidegoaren organo exekutibo nagusiari
helaraziko dio Auzitegiak idazkia, eta hilabeteko epea ezarriko dio egoki
deritzon alegazioak aurkezteko.
3. Epe hori amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan, edo
Estatuari edo autonomia-erkidegoari argitasun-, osagarri- eta
zehaztapen-eskaerei erantzuteko eman dien epea amaitu eta hurrengo hilabetearen
barruan, epaia emango du Auzitegiak, erabaki hauetako batekin:
a) Errekerimendua bidezko deklaratzea; kasu horretan, epe
bat ezarriko da autonomia-erkidegoak eskudantzia balia dezan.
b) Errekerimendua bidegabe deklaratzea.
III. KAPITULUA Estatuaren konstituzio-organoen arteko
gatazkak
73. artikulua
1. Baldin eta lege honen 59.3 artikuluan aipaturiko
konstituzio-organoetariko batek, osoko bilkuraren erabakiz, irizten badio
organo horietariko beste batek Konstituzioak edo lege organikoek ematen
dizkioten eskudantziez jabetuta hartu dituela erabakiak, hala jakinaraziko dio
besteari, eskudantziak bidegabeki hartu direla ondorioztatzera daraman erabakiaren
berri jakin eta hurrengo hilabetearen barruan, eta erabaki hura errebokatzeko
eskatuko dio.
2. Baldin eta jakinarazpena bidali zaion organoak esaten
badu eskudantziak Konstituzioaren eta legearen arabera baliatuz diharduela, edo
jakinarazpena jaso eta hilabetera jarduera zuzentzen ez badu eskatu zaion
moduan, eskudantziak bidegabeki hartu zaizkiola irizten dion organoak
Konstituzio Auzitegiaren aurrean planteatuko du gatazka hurrengo hilabetearen
barruan. Horretarako, idazki bat aurkeztuko du, eta hartan zehaztuko du zer
manu jotzen dituen urratutzat eta egoki deritzon alegazioak egingo ditu. Idazki
horrekin batera, beharrezko jotzen dituen aurrekarien ziurtagiri bat aurkeztuko
du, eta, orobat, artikulu honen aurreko zenbakiak agintzen duen jakinarazpenarena.
74. artikulua
Idazki hori, jaso eta hurrengo hamar egunen barruan,
errekerimendua egin zaion organoari helaraziko dio Auzitegiak, eta hilabeteko
epea ezarriko dio egoki deritzon alegazioak egin ditzan. Helarazpen eta epatze
berberak egingo zaizkie gatazka mota hauek planteatzeko legitimaturik dauden
gainerako organo guztiei, eta haiek ere prozeduran agertu ahal izango dira,
demandatzailearen edo demandatuaren alde, baldin eta irizten badiote
planteaturiko gatazkaren konponbideak nolabaiteko eragina duela beren
eskudantzietan.
75. artikulua
1. Auzitegiak bere erabakia hartzeko beharrezko jotzen
dituen informazio, argitasun edo zehaztapenak eskatu ahal izango dizkie
alderdiei, eta aurreko artikuluan aipaturiko alegazio-epea amaitu eta hurrengo
hilabetearen barruan ebatziko du, edo, beste epe bat eman bada informazio,
argitasun edo zehaztapenetarako —hogeita hamar egun, gehienez ere—, hura amaitu
eta hurrengo hilabetearen barruan.
2. Konstituzio-eskudantzia eztabaidatuak zein organori
dagozkion erabakiko du Auzitegiaren epaiak, eta deusez deklaratuko ditu
besteren eskudantzietan sartuz gauzaturiko egintzak; egintzon ondorioz
sorturiko egoera juridikoei buruz, dagokiona ebatziko du epaiak.
IV. KAPITULUA Toki-autonomiaren defentsako gatazkak
75 bis artikulua
1. Toki-autonomiaren defentsan gatazkak planteatzeko bide
eman dezakete Konstituzioak bermaturiko toki-autonomia urratzen duten
Estatuaren legemailako arauek edo autonomia-erkidegoetako lege-mailako
xedapenek.
2. Konstituzio Auzitegiaren erabakiak lotura-indarra
izango du botere publiko guztientzat eta efektu betekoa izango da guztien
aurrean.
75 ter artikulua
1. Gatazkok planteatzeko legitimaturik daude:
a) Legearen xedeko bakar den udalerria edo probintzia.
b) Udalerri multzo bat, gutxienez lege-mailako
xedapenaren aplikazio-eremuko lurraldean diren udalerrien zazpirenak osatua,
eta gutxienez lurralde-eremu horretako biztanleria ofizialaren seirena hartzen
duena.
c) Probintzia multzo bat, gutxienez lege-mailako
xedapenaren aplikazioeremuko lurraldean diren probintzien erdiek osatua, eta
gutxienez biztanleria ofizialaren erdia hartzen duena.
2. Toki-autonomiaren defentsako gatazkak izapidetzen
hasteko, tokikorporazioen osoko bilkurak hartu beharko du erabakia, legezko
korporaziokidekopuruaren gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin.
3. Aurreko zenbakian ezarritako betekizuna betetakoan,
eta gatazka formalizatu aurretik, Estatu Kontseiluaren irizpena eskatu beharko
da, nahitaezkoa baina ez lotura-indarrekoa, toki-korporazioen lurralde-eremua
autonomia-erkidego bati baino gehiagori badagokio, edo dagokion
autonomia-erkidegoaren kontsulta- organoarena, toki-korporazioen
lurralde-eremua autonomia-erkidego bati badagokio. Kontsulta-organorik ez duten
autonomia-erkidegoetan, Estatu Kontseiluari dagokio irizpena.
4. Toki-entitateen elkarteek laguntza eman ahal izango
diete toki-entitate legitimatuei, errazago bete ditzaten gatazka hau
izapidetzeko prozeduran ezarritako betekizunak.
75 quater artikulua
1. Aurreko artikuluan aipaturiko irizpenak eskatzeko,
hiru hilabete izango dira, toki-autonomia urratzen duela jotzen den legearen
argitaratze-egunetik hasita.
2. Estatu Kontseiluaren edo dagokion
autonomia-erkidegoaren kontsultaorganoaren irizpena jaso ondorengo hilabetean,
udalerri edo probintzia legitimatuek gatazka planteatu ahal izango dute
Konstituzio Auzitegiaren aurrean. Horretarako, aurreko artikuluan galdaturiko
betekizunak bete direla egiaztatu beharko dute, eta gatazka planteatzeko oinarri
juridikoak alegatu.
75 quinquies artikulua
1. Gatazka planteatu eta gero, Auzitegiak, auto ziodun
baten bidez, hura ez onartzea erabaki ahal izango du, legitimazioa edo beste
betekizun galdagarri eta ezin zuzenduzko batzuk falta direnean, edo sorturiko
eztabaida nabarmenki oinarririk gabea denean.
2. Gatazka izapidetzeko onartutakoan, Auzitegiak, hamar
egunen buruan, legea eman duen autonomia-erkidegoaren legegintza-organoari eta
organo exekutiboari helaraziko die hura, eta kasu guztietan Estatuaren legegintza-organoari
eta organo exekutiboari. Hogei egunen epea izango da pertsonatzeko eta
alegazioak egiteko.
3. Auzitegiak berak jakinaraziko die interesdunei
Gobernuak abiarazitako gatazka planteatu dela, eta dagokion aldizkari
ofizialean argitaratuko du.
4. Auzitegiak bere erabakia hartzeko beharrezko jotzen
dituen informazio, argitasun edo zehaztapenak eskatu ahal izango dizkie
alderdiei, eta alegazioepea amaitu eta hurrengo hamabost egunen barruan
ebatziko du, edo, beste epe bat jarri bada lehen aipaturiko informazio,
argitasun edo zehaztapenetarako, hura amaitu eta hurrengo hamabost egunen
barruan.
5. Konstituzioak bermaturiko toki-autonomia urratu den
ala ez deklaratuko du epaiak, eta, dagokionaren arabera, eskumen
eztabaidatuaren titulartasuna edo eskudantzia zeinek duen zehaztuko;
toki-autonomia urratuz sorturiko egitatezko edo zuzenbidezko egoerei buruz,
dagokiona ebatziko du epaiak.
6. Gatazkarako bide eman duen legearen
konstituziokontrakotasuna beste epai baten bidez deklaratu beharko da, baldin eta
osoko bilkurak arazoa planteatzea erabakitzen badu, toki-autonomia urratu dela
deklaratuz gatazka ebatzi ondoren. Lege honen 37. artikuluan eta harekin
komunztadura dutenetan ezarritako prozedurari jarraituz bideratuko da arazoa,
eta 38. artikuluan eta ondorengoetan aurreikusitako efektu arruntak izango
ditu.
V. TITULUA AUTONOMIA-ERKIDEGOEN LEGE-INDARRIK GABEKO
XEDAPENEN ETA EBAZPENEN AURKARAPENA, KONSTITUZIOAREN 161.2 ARTIKULUAN
AURREIKUSIA
76. artikulua
Autonomia-erkidegoen edozein organok emandako lege-indarrik
gabeko arau-xedapenak eta ebazpenak aurkaratu ahal izango ditu Gobernuak
Konstituzio Auzitegiaren aurrean, argitaratzen diren egunaren ondorengo bi
hilabeteen barruan edo, argitaratu ezean, Gobernuak haien berri jakiten
duenetik aurrerako bi hilabeteen barruan.
77. artikulua
Lege honen 62. artikulutik 67.era bitartekoetan
aurreikusitako prozeduraren bidez jarriko eta bideratuko da titulu honetan
arauturiko aurkarapena, edozein zio duela ere oinarri. Aurkarapena jarri eta
Auzitegiak komunikatutakoan, aurkaraturiko xedapena edo ebazpena geldieran
utziko da, harik eta Auzitegiak, gehienera ere bost hilabeteren epean, geldiera
berrestea edo kentzea ebazten duen arte, aurretik epaia eman ez badu.
VI. TITULUA NAZIOARTEKO TRATATUEN KONSTITUZIONALTASUNARI
BURUZKO DEKLARAZIOA
78. artikulua
1. Konstituzioaren eta nazioarteko tratatu baten
xedapenen artean kontraesanik dagoen edo ez erabakitzeko errekerimendua egin
ahal izango diote Gobernuak edo bi Ganberetako edozeinek Konstituzio
Auzitegiari, tratatuaren testua behin betiko finkaturik baina Estatuaren
adostasunik jaso gabe dagoen bitartean.
2. Errekerimendua jaso eta gero, eskatzailea eta
gainerako organo legitimatuak epatuko ditu Konstituzio Auzitegiak, aurreko
zenbakian aurreikusitakoaren arabera, gaiaren inguruan duten iritzi funtsatua
adieraz dezaten hilabeteren epean. Epe hori igaro ondorengo hilabetearen
barruan, hurrengo zenbakian xedaturiko kasua salbu, Konstituzio Auzitegiak bere
deklarazioa emango du, eta deklarazio hori, Konstituzioaren 95. artikuluan
ezarritakoaren arabera, loturaindarrekoa izango da.
3. Konstituzio Auzitegiak, edozein unetan, beharrezko
jotzen dituen argitasun, informazio osagarri edo zehaztapen guztiak eskatu ahal
izango dizkie aurreko zenbakian aipaturiko organoei edo beste pertsona fisiko
edo juridiko batzuei edo Estatuaren edo autonomia-erkidegoen beste organo
batzuei. Halakoetan, luzatu egingo du lehen aipaturiko hilabeteren epea,
kontsultei erantzuteko emandako denbora erantsita: hogeita hamar egun, gehienez
ere.
79. artikulua
1985eko ekainaren 7ko 4/1985 Lege Organikoak derogatua.
VII. TITULUA PROZEDURARI BURUZKO XEDAPEN ERKIDEAK
80. artikulua
Botere Judizialaren Lege Organikoaren eta Prozedura
Zibilaren Legearen manuak aplikatuko dira, lege honen ordeztaile gisa, gai
hauei dagokienez: epaiketan agertzea, errekusazioa eta abstentzioa, egintzen
publikotasuna eta forma, komunikazioak eta jurisdikzio-laguntzazko egintzak,
egun eta ordu baliodunak, epe-zenbaketa, deliberatzea eta bozketa, iraungitzea,
uko egitea eta utziestea, hizkuntza ofiziala eta auzi-gelako polizia.
81. artikulua
1. Konstituzio-prozesuetan demandatzaile edo laguntzaile
gisa agertzeko interes legitimoa duten pertsona fisiko edo juridikoek
prokuradore bati eman beharko diote ordezkaritza, eta abokatuaren
zuzendaritzapean jardun. Zuzenbideko lizentziadun titulua duten pertsonak,
nahiz prokuradore- edo abokatulanbidean ez jardun, beren kabuz agertu ahal
izango dira beren eskubide edo interesen defentsan.
2. Konstituzio Auzitegiaren aurrean abokatu gisa jardun
ahal izateko, beharrezko izango da Espainiako abokatuen elkargoetariko batean
jardule gisa sarturik egotea.
3. Konstituzio Auzitegiaren aurrean abokatu gisa
jarduteko ezgaiturik egongo dira Konstituzio Auzitegiko magistratu edo letradu
izandakoak.
82. artikulua
1. Konstituzioaren eta lege honen arabera
konstituzio-prozesuak abiarazteko legitimazioa duten organoek edo diputatu edo
senatariek, prozesuotan jarduteko, ordezkaritza emango diote berek aukeraturiko
kideari edo kideei edo horretarako izendaturiko komisiodun bati.
2. Organo exekutiboak, nola Estatukoak hala
autonomia-erkidegoetakoak, beren abokatuek ordezkatuko eta defendatuko dituzte.
Estatuko organo exekutiboen izenean, Estatuaren Abokatuak jardungo du.
83. artikulua
Auzitegiak, alderdi-eskariz edo ofizioz, eta
konstituzio-prozesuan agerturikoei aurrez entzuera emanik, prozesuak metatzea
erabaki ahal izango du edozein unetan, baldin eta batera izapidetzea eta
erabakitzea justifikatzen duten objektu konexiodunak badituzte prozesuok.
Entzunaldia hamar egunen epean egingo da, gehienez ere.
84. artikulua
Alegatuez beste ziorik baldin bada konstituzio-uzia
onartzea edo ez onartzea eta, hala badagokio, baiestea edo ezestea erabakitzeko
garrantzia duenik, konstituzio-prozesuan agerturikoei komunikatu ahal izango
die Auzitegiak hori, erabakia hartu baino lehenagoko edozein unetan.
Horretarako entzunaldia erkidea izango da, gehienez ere hamar egunekoa; bitarte
horretan, geldieran utziko da ebazpena emateko epea.
85. artikulua
1. Idazki funtsatu batez eman beharko zaie hasiera
konstituzio-prozesuei, zer eskatzen den zehatz eta garbi adierazirik idazkian.
2. Prozesu-hasieraren idazkiak Konstituzio Auzitegiaren
egoitzan aurkeztuko dira legez ezarritako epean. Babes-errekurtsoen kasuan,
epea amaitzen den egunaren hurrengo egun balioduneko 15:00ak arte izango da
aurkezteko aukera, Konstituzio Auzitegiaren erregistroan edo edozein herritako
auzitegi zibilen erregistro nagusiko bulegoan edo zerbitzuan, Prozedura Zibilaren
2000ko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 135.1 artikuluan ezarritakoaren
arabera.
Horretarako zeinahi baliabide tekniko, elektroniko,
informatiko edo telematiko erabiltzeko baldintzak erregelamenduz zehaztuko ditu
Auzitegiak.
3. Osoko bilkurak edo salek ahozko ikustaldia egitea
erabaki ahal izango dute.
86. artikulua
1. Konstituzio-prozesuaren erabakia epai moduan emango
da.
Auto moduan emango dira, ordea, hasierako ez-onartze
erabakiak, utziespen-erabakiak eta iraungitzeari buruzkoak, non eta lege honek
beste modu bat xedatzen ez duen espresuki. Gainerako ebazpenak auto moduan
emango dira, ziodunak badira, edo probidentzia moduan, ziodunak ez badira,
edukiaren arabera.
2. VI. tituluan adierazitako epaiak eta deklarazioak
«Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratuko dira epaitza-egunaren hurrengo 30
egunen barruan. Auzitegiak bere autoak ere modu berean argitaratzeko agindu
ahal izango du egoki irizten dionean.
3. Aurreko zenbakian xedaturikoaren kalterik gabe, epaiak
eta gainerako ebazpenak beste bide batzuetatik argitaratzea erabaki ahal izango
du Auzitegiak eta, hala badagokio, Konstituzioaren 18.4 artikuluan aitorturiko
eskubideak babesteko egoki jotzen dituen neurriak hartuko.
87. artikulua
1. Botere publiko guztiak beharturik daude Konstituzio
Auzitegiak ebazten duena betetzera.
2. Epaitegi eta auzitegiek lehentasunez eta presaz emango
diote Konstituzio Auzitegiari hark eskaturiko jurisdikzio-laguntza.
88. artikulua
1. Konstituzio-prozesuaren sorburu izandako xedapen edo
egintzari buruzko espedientea eta txosten eta agiriak bidaltzeko eskatu ahal
izango die Konstituzio Auzitegiak botere publikoei eta edozein administrazio
publikoren organoei. Errekurtsoa ordurako onartua bada, Auzitegiak epe bat
emango du alderdiek espedientea, informazioa edo agiriak ezagutu ahal izan
ditzaten, eskubidez komeni zaiena alegatzeko.
2. Auzitegiak neurriak hartuko ditu behar bezala gorde
dadin dokumentazio jakin bati legez ezarritako isilpea eta orobat jarduketa
batzuetarako Auzitegiak berak erabaki ziodunez ezarritakoa.
89. artikulua
1. Auzitegiak, ofizioz edo alderdi-eskariz, froga egitea
erabaki ahal izango du beharrezko irizten dionean, eta berak erabakiko du noiz
eta nola; hogeita hamar egunen barruan, betiere.
2. Auzitegiak zitaturiko lekuko batek goragoko baimena
behar badu agertzeko, eta eskudun den agintariak baimen hori ukatzen badio,
ukoaren arrazoiak azaldu beharko dizkio agintari horrek Auzitegiari. Azalpena
entzun ondoren, behin betiko ebazpena emango du Auzitegiak.
90. artikulua
1. Lege honek beste betekizun batzuk ezartzen dituen
kasuetan izan ezik, deliberatze-saioetan parte hartzen duten kideen gehiengoz
hartuko ditu erabakiak osoko bilkurak, salak edo atalak. Berdinketa gertatuz
gero, presidentearen botoak erabakiko du.
2. Auzitegiko presidenteak eta magistratuek boto
partikularrez adierazi ahal izango dute bat ez datozelako iritzia, betiere
deliberatze-saioan aldezturiko iritzia bada, hala erabakiari nola hura
funtsatzeko arrazoiei dagokienez. Boto partikularrak ebazpenari erantsiko
zaizkio eta, epai, auto edo deklarazioen kasuan, haiekin batera argitaratuko
dira «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean.
91. artikulua
Auzitegiak esku izango du bere aurrean abiarazitako
prozedura geldieran uzteko, ordena penaleko epaitegi edo auzitegi batean
ebazkizun dagoen prozesu bat ebatzi arte.
92. artikulua
Epaia nork exekutatu behar duen xedatu ahal izango du
Auzitegiak epaian bertan, edo ebazpenean, edo ondorengo egintzetan, eta, hala
badagokio, exekuzioko intzidenteak ebatzi.
Halaber, bere jurisdikzioan diharduelarik emandako
ebazpenak urratzen dituzten ebazpen guztiak deusez deklaratu ahal izango ditu,
bere ebazpenak exekutatzeko unean, aurrez entzuera emanik Fiskaltzari eta eman
zituen organoari.
93. artikulua
1. Konstituzio Auzitegiaren epaien aurka ezin jarriko da
errekurtsorik, baina, epaia jakinarazi eta bi egunen epean, haren gaineko
argitasunak eskatu ahal izango dituzte alderdiek.
2. Konstituzio Auzitegiak emandako probidentzien eta
autoen aurka erregu- errekurtsoa bakarrik jarri ahal izango da, hala badagokio,
eta betiere geldiera- efekturik gabekoa.
Hiru egun izango dira errekurtsoa jartzeko, eta, beste
hiru egunen epean alderdiei entzuera erkidea emanik, hurrengo bietan ebatziko
da.
94. artikulua
Auzitegiak, alderdi-eskariz edo ofizioz, prozeduran
sorturiko akatsak zuzendu edo baliozkotu beharko ditu epaia eman baino lehen.
95. artikulua
1. Doan izango da Konstituzio Auzitegiko prozedura.
2. Oinarririk gabeko jarrerei eutsi dien alderdiari edo
alderdiei ezarri ahal izango dizkie Auzitegiak prozesua izapidetzearen kostuak,
ausarkeria edo fede gaiztoa hautematen badu.
3. Auzitegiak 600 eurotik 3.000 eurora bitarteko
diru-zehapena ezarri ahal izango dio konstituziokontrakotasun-errekurtsoak edo
babes-errekurtsoak ausarkeriaz edo eskubide-abusuz jartzen dituenari.
4. Auzitegiak 600 eurotik 3.000 eurora bitarteko
hertsapen-isunak jarri ahal izango dizkio berak ezarritako epean
errekerimenduak bete ez dituen edozein pertsonari, dela botere publikoa duena
edo gabea, eta berriro jarri ahal izango ditu isunok harik eta interesdunek
bete beharreko guztia bete arte, izan daitekeen beste edozein erantzukizunen
kalterik gabe.
5. Zehapen edo isun horien zenbatekoen mugak lege
arruntaren bidez berrikusi ahal izango dira, edozein unetan.
VIII. TITULUA KONSTITUZIO AUZITEGIAREN ZERBITZUKO
PERTSONALA
96. artikulua
1. Konstituzio Auzitegiaren zerbitzuko funtzionario dira:
a) Idazkari nagusia.
b) Letraduak.
c) Justizia-idazkariak.
d) Konstituzio Auzitegiari atxikiriko gainerako
funtzionarioak.
2. Pertsonal horri dagokionez, lege honetan eta lege hau
garatzeko emandako erregelamenduan ezarritakoak agintzen du, eta, ordeztaile
gisa, aplikatzekoa denean, Justizia Administrazioaren zerbitzuko
pertsonalarentzat indarrean dagoen legeriak.
3. Artikulu honetan zerrendaturiko karguak eta funtzioak
bateraezinak dira beste edozein funtzio, destino edo kargurekin, eta orobat lan
profesionalean jardutearekin eta industria-, merkataritza- edo
lanbide-jardueretan parte hartzearekin, nahiz izan kontsulta- edo
aholkularitza-jarduerak. Karguok betetzen dituztenek, hala ere, Auzitegiaren
iritziz beraren zerbitzu onenarekin bateraezinak ez diren irakaskuntza- eta
ikerketa-funtzioetan jardun ahal izango dute.
97. artikulua
1. Letraduen laguntza izango du Konstituzio Auzitegiak;
oposizio-lehiaketa bidez aukeratu ahal izango dira letraduok, zuzenbidean
lizentziadun izanik A taldeko kidego edo mailara iritsi diren funtzionario
publikoen artetik, Auzitegiaren erregelamenduak ezarritakoaren arabera, edo
Auzitegiak berak libreki izendatu ahal izango ditu aldi baterako atxikipenez,
erregelamenduak ezarritako baldintzetan, abokatu, unibertsitateko irakasle,
magistratu, fiskal edo zuzenbidean lizentziadun izanik A taldeko kidego edo
mailara iritsi diren funtzionario publikoen artetik.
Izendaturikoak zerbitzu berezien egoeran geratuko dira
beren jatorriko karreretan, Konstituzio Auzitegiaren zerbitzura dauden denbora
guztian.
2. Letraduek, beren funtzioetan jarduteari utzi eta
hurrengo hiru urteetan, 81.3 artikuluan aipaturiko bateraezintasuna izango
dute.
98. artikulua
Konstituzio Auzitegiak idazkari nagusi bat izango du,
letraduen artetik osoko bilkurak aukeratua eta presidenteak izendatua; idazkari
nagusia letraduen buruzagi izango da, presidenteari, Auzitegiari eta salei
dagozkien ahalmenen kalterik gabe.
99. artikulua
1. Idazkari nagusiari dagokio, orobat, presidentearen
agintearen eta aginduen pean:
a) Auzitegiko zerbitzuak zuzentzea eta koordinatzea eta
haren pertsonalaren buru izatea.
b) Auzitegiaren konstituzio-doktrina biltzea, sailkatzea
eta argitaratzea.
c) Aurrekontua prestatu, gauzatu eta likidatzea,
pertsonal teknikoak lagundurik.
d) Auzitegiaren erregelamenduak esleitzen dizkion gainerako
funtzioak.
2. Auzitegiaren berariazko arauetan aurreikusi ahal
izango da presidenteak idazkari nagusiari administrazio-ahalmenak zein kasutan
eskuordetu. Orobat aurreikusi ahal izango da idazkari nagusiari dagozkion
ahalmenen eskuordetzea.
3. Idazkari nagusiak emandako ebazpenen aurka, gorako
errekurtsoa jarri ahal izango da presidentearen aurrean, eta presidentearen
erabakiak agortuko du administrazio-bidea. Erabaki horri administrazioarekiko
auzi-errekurtsoa jarri ahal izango zaio gero.
100. artikulua
Auzitegiaren plantillak erabakitzen duen adina
justizia-idazkari izango ditu Auzitegiak. Justizia-idazkariak idazkari
judizialen kidegokoak izango dira, eta Auzitegi Gorenean plaza izan dezaketenen
artean merezimendu-lehiaketa eginez beteko dira plaza hutsak.
101. artikulua
Justizia-idazkariek fede publiko judiziala emango dute
Auzitegian edo saletan, eta, berak atxikirik dauden Auzitegiari edo salari
dagokienez, epaitegi eta auzitegietako legeria organikoak eta prozesalak
idazkariei esleitzen dizkieten funtzioak beteko dituzte.
102. artikulua
Bere erregelamenduak ezartzen dituen baldintzetan
atxikiko ditu Konstituzio Auzitegiak bere zerbitzura Justizia Administrazioko
pertsonala eta gainerako funtzionarioak.
Lan-kontratupean ere hartu ahal izango du pertsonala,
Konstituzio Auzitegiaren eskudantzietan parte-hartze zuzen edo zeharkakorik
eskatzen ez duten postuetarako, lanbideei, izaera instrumentaleko laguntzaileei
edo laguntzaile administratiboei dagozkien funtzioak betetzeko denean.
Lan-kontratudun pertsonal hori kontratatzeko,
berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioen araberako
hautaketa-prozesuak erabiliko dira.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehena
1. Lege hau